XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) beharra sentitzen hasi zen mutila.

Orduan herri hartako batengana joan eta haren morroi jarri zen; eta hark bere larreetara txerrizai bidali zuen.

Txerriek jaten zuten ezkurrez sabela bete nahi izaten zuen, baina inork ez zion ematen.

Orduan bere baitara itzuli, eta esan zuen: Hamaika morroi bada nire aitarenean, nahiko ogi duela, eta ni hemen goseak hiltzen.

Altxa eta banoa nire aitarengana, eta esango diot: Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka; ez dut gehiago zure seme izenik merezi; har nazazu zure morroietako bat bezala.

Eta altxa, eta bere aitarengana abiatu zen.

Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak, eta erruki izan zuen; joan zen lasterka harengana, besarkatu zuen eta musuka hasi zitzaion.

Semeak esan zion: Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka; ez dut gehiago zure seme izenik merezi.

Aitak, ordea, esan zien bere morroiei: Ekarri berehala soinekorik ederrena, eta jantz iezaiozue; ipin iezaiozue eraztuna eskuan, eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizena, eta hil; jan dezagun eta jai egin: nire seme hau hila baitzegoen, eta biztu egin da; galdua zegoen, eta aurkitu dugu.

Eta hasi ziren jai egiten.

Seme zaharrena soroan zen; eta handik etxera hurbiltzean, soinu eta dantzak entzun zituen; eta morroi bati deituta, hura zer zen galdetu zion.

Morroiak erantzun: Zure anaia etorri da, eta aitak zekor gizena hil du, semea onik aurkitu duelako.

Hura haserretu egin zen, eta ez zuen sartu nahi; eta aita, aterata, sartzeko otoika hasi zitzaion.